IKERGAZTE 2017 ate joka!!!!
IkerGazte 2017 ate
joka dugu eta UEUren eta Kongresuaren Batzorde Zientifikoaren
izenean atsegin handiz zuek guztiok bertan parte hartzera
gonbidatu nahi zaituztegu. Oraingoan Iruñean izango da IkerGazte, NUPeko campusean.
IkerGazteren lehen edizioa Durangon
ospatu genuen 2015.eko maiatzean eta orduan erakutsi genuen
badela euskaraz ikertzen duen euskal komunitate zientifikoa; giza
zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan,
teknologian, arkitekturan edota osasunean jarduten duen
nazioarteko ikertzaile-komunitate euskalduna. Ikerketak euskaraz
dakiela zioen Berriako titularrak. Orduan jarritako mugarria
abiapuntutzat hartu eta aintzinera jotzeko unea heldu da. Orduan
bertan izan bazinen etor zaitez berriro ere, eta orduan
hurbiltzeko aukerarik ez bazenuen izan, orain duzu aukera. Egizu
bat ikertzaile euskaldunen bilgune honekin, ezagutu itzazu
ikerketan diharduten ehundaka ikertzaile gazte, deskubritu itzazu
zure ikerketa-alorretik gertuko eta ez hain gertuko
ikerketa-lanak. Tesia bukatu berri duzula? Orain hiruzpalau urte
amaitu zenuela? Bukatzear zaudela? Zatoz, ikertzaile euskaldunen
komunitatearen aurrean zure emaitzak azaltzeko aukera duzu!
Kongresuari hasiera emateko
nazioartean izena duen hizlari bat izango dugu. Saio
zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo
guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izango ditugu, bai
ahoz aurkeztuta bai poster formatuan . Parte-hartzaileok Euskal
Herrian egiten den goi-mailako ikerkuntzaren gaineko ikuspegia
izango dugu. Kongresuan parte hartuko dugun ikertzaileon arteko
harremanak errazteko tailer (mintegi) interesgarriak eta saio
osagarriak ere izango dira. Horretaz gain, kongresuak iraun
bitartean Iruñean bertan lo egiteko aukera izango dugu eta hori
ere bultzatuko dugu.
Beraz, ikerkuntza-proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzula? Erdu! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarte mailako ikerkuntzaren berri euskaraz! Ez ezazu aukera galdu!
Hautatutako artikuluak ISBNa izango
duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko
hainbat argitaletxerekin lankidetzan zenbait lanen bertsio
hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere
egongo da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario